martes, 27 de noviembre de 2012

Artisautza eskura


              Euskal Denda hasteko prest dago jada. Gaur bertan, Durangoko merkatu plazan egingo den 17. Euskal Denda aurkeztu dugu. Kutziagan izan gara
Itziar Bengoa, Arbasoko Bizkaiko presidenteordea, pozik hedabideetan lortu dugun erantzunarekin.
Bernat Vidalek, Arbasoko presidenteak, datu guztiak azaltzen.

Manuel Vizarragak, Kale Dor Kayikoko presidenteak, haurtzaroa eta aita artisaua gogoratzen. Hunkigarria izan da.
Andoni Iruarrizaga, Durangoko Udaleko Kultura zinegotzia. Harro eta zoriontsu, guztiei Durangora etortzera gonbidatzen.
Gabino Martínez de Arenaza, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia. Gaur ganera albiste onarekin etorri da. Datorren urtean artisauen dirulaguntzek ez dute murrizketarik izango.
 Zehatz-mehatz
           Arbasok antolatzen du eta Euskal Herriko artisautzaren erakusleiho garrantzitsutzat hartzen dute. Edizio honetako slogana honakoa da: “Artisautza eskura”. Helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz. Bestalde, azokan zehar, bisitariek bertatik bertara ikusi eta gozatu ahalko dute artisauen lanekin, eginkizun ia ezinbestekoa profesional hauek biziraungo badute; horixe baita Euskal Dendaren funtsa, gaur egun.
            Aurtengo edizioan, 17. Euskal Dendan, Arbasok leku berezia egin dio Ijitoen kulturari Jose Berriok eta Kale dor Kayiko-ko emakumeek eginiko artisautza lanen bidez. Egingo den egunetan, hainbat ekintza ludiko antolatu dira azoka barruan; horrela, bisitariek aukera izango dute, artisauekin batera jardunez, haien mundua ezagutzeko.
           Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Guztira 56 erakusketari bilduko ditu, artisau arabar, baxenafar, bizkaitar, gipuzkoar, lapurtar eta nafarrak.
Zenbakiei erreparatuta, Bizkaia izango da ordezkari gehien izango dituena, hogeita bost; Gipuzkoatik hamalauk hartuko dute parte; Nafarroatik seik; Arabatik hiru etorriko zaizkigu; Baxenafarretik bi eta Lapurditik bat. Bartzelonatik ere etorriko da artisau bat.   Sektorekako ordezkaritza dela eta, honakoak izango ditugu: sei artisau nekazaritzako elikagaien arlokoak, sei beirakoak, zortzi metalekoak eta seina zeramikakoak eta egurra lantzen dutenak. Ehungintza arloak ordezkari dezente gehiago izango ditu, hamar; larrugintzakoak launa izango dira. Hauez gain, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetika lantzen dutenak ere bertan izango dira.
              Pieza guztiak eskulan eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinatzen dira. Euretariko askotan, ordea, berrikuntzara jotzen da eta inspirazio iturria orainean eta geroan topatzen dute. Horregatik bada, gaur egun artisau izatea garaikide izatea da. 
            Artisauaren eta bisitarien arteko interakzioa da, beti bezala, Euskal Dendaren aurtengo edizio honen zutabeetako bat.  Hartara, erakustaldiak egingo dira han bertan. “Artisautzaren Eginkizuna” izeneko erakusketa bat ere jarriko da, horrela, paperez egindako objektuei balorea emango zaie, zenbait tailer antolatuz, elaborazio prozesuan sakontzeko aukera izateko.
            Erakusketa merkatu plazaren atarian jarriko da, eta han topatuko dugu, besteak beste, Montse Busó i Marsà artisau kataluniarra, nazioartean prestigioa duena marmol-itxurako paperaren arloan. Erakusketaren testuinguruan, paper birziklatua zelan egiten den ikusiko, baita tindatua eta marmol-itxura emateko zein teknika erabiltzen den ere. Kiliki nafarrak harri-kartoiz egiteko teknika ere ikusi ahalko da.   
            Umeentzat ere badaude ekintzak, aukera izango baitute artileberria, karameluen eta zapi margotuen tailerretan parte hartzeko.
 Artetsu Gala
            2005ean hasi ginen Artetsu sariak ematen, Arbaso elkartearen hamargarren urteurrenarekin batera. Sari hauen bitartez, banakakoen edota entitateen lana aintzat hartu nahi dugu. Halaber, konplizitaterako bidea eta loturak sortu nahi ditugu aipaturiko lan hori apurka-apurka hazten joan dadin eta, era horretan, gure artisautzaren aldeko hain garrantzitsua den kontzientziazioa ere eragingo dugu. 
            Horregatik bada, zentzu guztietan artisautzaren alde egiten duten artisauak, erakundeak eta hedabideak saritzen ditugu. Zortzigarren edizio honetako Artetsu sariak honakoak izango dira:
 BIZITZA OSOA: Iñaki Alberdi.
ERAKUNDEAK LAGUN: Urduñako Udala eta Urduñako Olaran Elkartea
HEDABIDEAK: El Correo Durango.
GURE TRADIZIOAK HEDATZEA: BBK
EUSKARAREN SUSTATZEA: Fernan Ruiz.
             Sariak emateko gala abenduaren 5an, asteartea, egingo da San Agustín kultur gunean, 19:30ean..
Aurkezpeneko publikoa eta hedabideak.
           

No hay comentarios:

Publicar un comentario